BAGOAZ
San Diego utzi eta bagoaz San Luis Obispora (8 ordu eta erdi). Egun batzuk eguzkitan eman eta San Frantziskora joko dugu gero. Bigarren eskuko denda asko omen dago han. Arropa erosi behar dugu Saettle eta Porland-eko hotzari aurre egiteko. Beraz, hauxe plana: San Luis Obispo, San frantzisko, Portland, Seattle, eta buelta San Frantziskora. Baina... who knows!
Eliza badirudi ere, hauxe da San Diegoko Santa Fe tren estazioa. |
BIDAIATZEAZ
Bidaiatzeak badu gauza bat ederra beste hainbat gauza on eta ez hain onen artean: egunez egun bizitzera behartzen zaituela. Gaur, gaurkoa, eta bihar, behin lo-lekua lotuta edukiz gero, auskalo! Ikasgai ona da beti epe luzera begiratzeko joera dugunontzat. Bizitza bakarra eta gainera motza dela, aizue. Bidaiatzeak, nolabait ere, egia handi horren kontzientzia bikoiztu egiten du.
Inoiz ez dugu gu biok horren bidaia luzea egin (bere zentzurik motxileroenean). Atzera begiratu eta badirudi NY, Chicago, Washington eta beste oso urrun daudela. Gaurkoa baino ez pentsamenduan, eta asko jota, biharkoa. Arima arintzen du oraina bere osotasunean bizitzeak eta unea bizitzen ari garenaren jakitun izateak.
SURF LINER
San Diego eta San Frantzisko arteko kostaldea zeharkatzen du tren honek. Ikusgarria da bertan bidaiatzea, gomendagarria erabat. Eta ez bakarrik paisaia apartak ikusteko aukera ematen duelako, baita paisaiok ikusteko ezinbesteko patxada eskeintzen duelako ere. Moteltasuna+erosotasuna=bake santua.
California hegoaldeko santoral guztia (San Diego, San Clemente, Santa Ana, Long Beach, Los Angeles, Santa Barbara, Guadalupe...) zeharkatzen du Surf Liner-ak bere martxa sosegatu horretan.
Pii.. heldu gara San Luis Obispora. Gau itxia. Zigarrotxo baten urgentzia gogoan eta ilunak irentsi ezin duen sentsazio ederra animoan: beste herri/hiri bat deskubritzeke, hemen, Kaliforniako kostan, eta azaroan, eta konpainia onean, eta uff... Hau ote da libre eta "ditxoso" sentitzea? Poltsak soinera eta hala, bagoaz loleku bila... Avanti populoooo!
No hay comentarios:
Publicar un comentario