BYE PORTLAND
Jaiegunean egokitu zaigu SEATTLE-erantz mugitzea. Pena. Bazkarirako prestaketa lanak egiten utzi ditugu albergeko sukaldariak goizeko 8-etan. Indioilarra jada labean... Gosaldu, bidaiariak agurtu eta aurrera bolie!, treneruntz...
Thanksgiving day gabon eguna bera baino ospakizun garrantzitsuagoa omen da hemen. PORTLAND-eko kaleak ikusita, hala dirudi. Katurik ez kalean goizeko hamarretan, irudi apokaliptikoa zeharo. Ez trafiko, ez jenderik, denda eta taberna guztiak itxita... eta behingoz, ateri! Zera pentsatu dugu: ene, Seattle ere horrela badago gureak egin du!
Tren estazioan berriz, sekulako jende anabasa. Asko, datozenen zain. Beste asko norabait abiatzeko bidean. Familiak gaurko egunez elkartzen dira, gure abenduaren 24-a bezalako zerbait da.
TABERNA EDERRAK
Portland-i behar bezalako agurra emateko tabernaz taberna ibili ginen atzo. Oso taberna kurioso eta ederrak aurkitu genituen. Zenbaitzuetan, lehen ere ikusi dugu hori, puroak erre daitezke baina zigarrorik ez.... Intrigazkoa da erretzearen kontu hau: tabakorik inon ezin da erre baina puroak bai zenbait tabernatan, eta bestalde, SANTA CRUZ-en, zigarroak ere erre zitezkeen taberna batzuetan... uff, ez dago kontua ulertzerik!
Taberna askotan, ostera, ura egoten da bezeroentzako apropos jarrita (pitxar edo bidoi makina horiek edukitzen dituzte barraren aldamenean). EEBB-etako beste hainbat lekutan ere ikusi dugu hori. Ideia oso ona iruditzen zaigu.
STRIPTEASE
Beste gauza kurioso bat: PORTLAND-ek NEW YORK edo LAS VEGAS baino STRIPTEASE klub gehiago omen ditu!
SEATTLE
Ilunbistan heldu gara Seattle-ra. Eta... bai, guztia itxita. En fin. Ostaturantz autobusa hartu... (hemen ere DOAKOA da garraio publikoa).
Eta hara gure sorpresa: THANKSGIVING DINNER-erako (afaria) heldu gara puntu puntuan! Harrigarria aizue, CITY HOSTEL-eko langile eta bezero guztiak mahai baten bueltan indiolarra giro ederrean afaltzen. Polita.
Indioilarra, bakoitzak nahi zuenarekin lagunduta... cranberry mermelada, oso oso ona!! |
Larriunetxo bat ere izan dugu bertan. Izan ere, hemen ohitura omen da banan banan zutitu, nor eta nongoa zaren guztiei esan, eta zeri edo zeini ematen diozun eskerrak ozen esatea. Guk, heldu eta afaltzera jarri berri, afari ederrarengatik eman diegu eskerrak. Txaloak. "Momento alcohólicos anónimos" izan da, imaginatu dezakezue: My name is Jone Miren, i´m from Basque Country and... Momentu gogoangarria, edozelan ere.
ALBERGEA
Bakarrik bidaiatzen ari direnentzako (konpainian edo taldeka dabiltzanentzat ere bai, noski) oso leku egokiak dira albergeak. Egunero antolatzen dituzte irteera eta halakoak: batean PUB CROWL dela (poteoa), bestean museotara bisita gidatuak edo bizikleta bueltak... beste herrialde edo bertako bidaiariak ezagutzeko oso modu ona.
Seattleko hau, CITY HOSTEL, oso ondo dago. Gela bakoitza hiriko astista batek pintatu du eta ikusgarriak dira guztiak.
Peskizan ibili eta gero aurkitu dugu zabalik zegoen taberna bat edo beste. Eskerrak!
No hay comentarios:
Publicar un comentario