SIRIMIRIA
Euriak gauza bakarra du txarra: busti egiten duela. Gainontzean ederra da, norbera norbere baitan kiribiltzen laguntzen du eta hori, tarteka, beharrezkoa izateaz gain miragarria ere bada.
San Diegon, euria ari duenean, palmondoak ere tokiz kanpo daudela dirudite.
GURE GAUZAK S.A
Gure gauzetan jardun dugu goiza. ITOIZen (zein handiak ziren eta diren, demonio!) doinuak airean, guretzat hartuaz denbora. Andu Lertxundiren "Etxeko hautsa" liburua irakurri, Asier Altunaren "Bertsolari" dokumentala ikusi... aparta eta emozionantea, aizue, merezi du ikusteak. ITOIZ da, duda izpi gabe, gure bidaia honetako soinu banda.
HIRUGARREN MUNDUA LEHENENGOAREN TRIPATAN
Horixe esan digu Occupyko aktibista batek euripean haiengana bisitan joan garenean: TAKE A PICTURE OF 3-erd WORD INSIDE DE FIRTS CLASS WORD! Bertan azaldu digutenez, 1000 pertsonatik gora izan dira aurreko astetako protestetan, baina poliziaren jazarpenak batetik (60 atxilotu duela bi aste) eta ekintzaile ez direnen nolabaiteko inbasioak bestetik (alkoholzale, punky...), etxera abiarazi ditu protestan ari zirenetatik asko.
ETSIA ETA ESPERANTZA
Euripean, etxegabekoen etsipena.
Euripean baita, ezkonberrien ilusio eta esperantza.
Lortuko al dugu inoiz muturren arteko oreka justu bat?
SIRIMIRIA, EKAITZ
Porturantz abiatu bezain laster egin du eguraldiak beltzera. Haizea amorruz bufaka eta euria litroka.
(Gaur ere Atxabaltako mariñelak, barkitxuela ziztrina bere tokian ote zegoen ikusi nahi zuen...)
Jone Miren pozik, mariñela gustura ikusita! |
ALBERGEA
HI San diego du izena gure albergeak, eta handia eta koloretsua da. Pasillo eta korridore guztiak kuadroz josita daude, galeria bat dirudi. Mugitzen zen gela-koktelera aldatu egin behar izan dugu. Mareatu egiten gintuen! Gaur garbitzaile batek zera esan digu: egon omen zela Japoniar neskato bat gela berean eta oin azpian ikara sentitu bezain laster hor abiatu zela eskaileratan behera garraisika lurrikara zela pentsatuta!
Ez dabil bidaiari asko. Dabiltzanetatik, alemanak eta Australiarrak gehienak. EEBB-etako albergetan, ordea, beste jende mota bat ere mugitzen da. 45-55 urte bitarteko gizon eta emakumeak dira. Hirietara egin beharren bat edo norbaiti bisita egitera etorritakoak. Bakarrik daude asko. Eta nire eritziz, badago sosik ez edukitzea baino gauza okerragorik: bakardadea. Gogorra izan behar da gero munduan bakarrik egon edo sentitzea. Zaindu maite duzuen hori, konpais, direla auzikideak, lagunak, familia, bikotea edo maitalea. Baina zainduuuu!
Bertan afaldu dugu ederto eta patxadan: esparrago berdeak eta swordfish (ezpata arraina), modena saltsa arin batekin. Eta hola, bihar ere argituko duela jakinda eta ateri egingo duenaren esperantzan, akabo kontuak.
Leku hauetan harrikoa egin behar da, bakoitzak berea... ia gehienetan! |
No hay comentarios:
Publicar un comentario