TXUTAUTEK SEATTLE-en
Ez da gutxiagorako, hainbat egun eman eta gero euripean mirari bat balitz bezala hartu dugu eguzkia... gauza edarra gero. Goiz iluntzen du munduko bazter honetan: arratsaldeko lau terdiak aldera. Eguzkia irribarrea, kolorea, bizipoza da. Hotza ere egiten du, dena den, infernala!
SPACE NEEDLE
Seattle-eko ikurrik ezagunetarikoa: ovni itxurako piruloa. 184 metro ditu eta jatetxea du puntan.
PIKE PLACE MARKET
Seattle erdialdean dagoen merkatu oso bizi eta interesantea da Pike Place Market. Denetarik dago bertan: okela, arrain eta barazki postuak, eta baita arropa dendatxoak ere. Ikusgarria da. Jende andana gora eta behera eta aparteko giroa.
Aipagarria arrandegietako saltzaileek ateratzen duten zalaparta saltokietan. Arrain bat saltzen duten bakoitzean hor hasten dira uluka eta kantari. Ikuskizun paregabea da.
Arraina bihar erosiko dugu... gaur txanoa eta lepokoa!! hotzari aurre egiteko... |
STARBUCKS
17.500 kafetegi dauzka Starbucks multinazionalak. 137.000 langile mundu osoan... en fin, zorabiatzeko moduko zifrak. Kontua da hemengoa dela marka. 1971-ean sortu zuten bertoko hiru lagunek. Pentsa nola hasi den horren denbora laburrean. Kuriosoa da marka eta markaren sortzaileen historia (Hard Rock cafe-rena bezalakoa), aukera baduzue botaiozue begiratu bat Wikipedian.
ZAKURRAK
Etxegabekoei baino kasu gehiago egiten zaie hemen zakurrei. Hara, gure gizarte honen kontradikzioak... EEBB-etan asko maite dituzte maskotak eta bereziki zakurrak. San Frantziskon haur baino zakur gehiago zeudela esan zigun Josu Garmendiak. Pentsa, DOG PARADE ere egiten dute han, "DIA DEL ORGULLO PERRUNO" antzeko bat...
Tira, kontua da zakurrak asko gustatzen zaizkiela hemen eta batekin topo egiten dutenean guztiek egiten diotela kasu...
BLACK FRIDAY
Black Friday izugarria da. Egun handia EEBB-etan. Gabonen hasiera markatzen du eta SHOPPING eguna da. Jendetza dendetan, pertsona ilara luzeak erakuslehioen aurrean, denda barrura noiz sartuko zain. Kaleak gainezka.
Protestak ere bai. Azpikoak animalien larruz egindako arropak erostearen aurkakoak.
OCUPPYAK
Occupyek ere kontsumismoaren aurkako kanpaina egin dute gaur. Seattleko kale komertzialenean elkartu eta egun osoz musika, antzerki eta hitzaldiak izan dira beste kontsumo eredu bat aldarrikatzeko. Bide batez, atzoko datua: bi hilabeteotan 4767 aktibista atxilotu dituzte! Ez da broma, gero.
PIONER SQUARE
Seattle-eko auzorik zaharrena da Pioner Square. Hiri gaztea da Seattle, duela 160 urte sortu zen. Pentsa. Hiri mukitzu bat... Eta hara, horren hotz handia egiten du hemen arbolak ere jantzi egiten dituztela...
Pioner-en batzen dira hiriko etxegabekorik gehienak. Oremusa aspaldi galdutakoak dira asko eta asko, beste asko krisi basati honen emaitza...
Eskerrak oraindik ere badagoen esperantza. Bolondresak janari eta arropak partitzen deusik ez dutenen artean...
SU ARTIFIZIALAK
Holaxe eman diote amaiera Black Friday-ri eta ongietorria gabonei Seattle-en: su artifizialekin.
Guk, berriz, pare bat zerbezakin.
No hay comentarios:
Publicar un comentario