Vistas de página en total

2011-10-13

Urriak 14 - ROAD TO DENVER









Bartuloak batu, gure betiko kafetegian kaputxinoa hartu eta bye bye Chicago. Badakizue, badugu halako tendentzia natural bat errutinara. 
Denverrerantz (Colorado) goaz trenez patxada ederrean (1473 km, 18 ordu eta 3 estatu pasata: ILLINOIS, IOWA, NEBRASKA). Esan genizuen bezala, AMTRAK trenak oso erosoak dira, eta beroietan bidaiatzea (presarik gabe joanda, noski) plazerra.












Bestalde, trenak ematen du (eta kotxeak, noski) EEBB-en dimentsio ikaragarriaren neurria. Hauek landak, hau zabaltasuna. Ikusgarria, benetan. A zein gauza magikoa dan Coloradoko lur-sail amaigabeen erdian iratzartzea! Zerua, sabai urdin zabal-zabal bat, eta zorua, berriz, infinitorainoko alfombra doratua.

MUNDUA, TRENEZ
Hiri eta herriek aurpegirik itsusiena erakusten diote normalean trenari. Hemen ere, etxe atzealde zabar eta utzikeriak jandako bazter asko begi bistan, baina, guzti horren gainetik, paisaia hunkigarriak, pertsonak zein txikiak garen erakusten duten horietakoak.














LAU IRUZKIN CHICAGORI BURUZ
-Ederra da hiria, eta oso lasaia (egia esan, NY-ekin alderatuz gero dena suertatzen da trankila).
-Musika maite duenarentzat (Bluesa bereziki) peregrinazio leku perfektua.
-Denetariko musika klubak daude, merkeak eta ez hain merkeak. Hemen oso ondo dauden hiriko bi klub gomendagarri eta prestigiotsu:
  BLUES (5-7 dolar sarrera/zerbeza 4) eta MILTON KEYNES (12 dolar/4)
Kontzertuek ez dute 3 ordutik behera irauten eta bikainak dira.
-Kirolarientzako oso hiri aproposa da. Korrika egitea edo bizikletan ibiltzea gustoko duzuenontzako perfektua.
-Hiritarrak atseginak dira oso. Auzo-bizitza asko egiten da.
-Hiri erabat segurua da. Hegoaldeko zenbait auzunez gain ez kuidadorik eduki. (Hiri guztietan daude zonalde delikatuak: han, hemen eta sebastopolen).
-Parrandarako hiri ona. Gringoek guk bezainbeste maite dituzte tabernak eta lagunartea. 


LIMOSNAZ
Propinatan aurrezten dugun dirua ( xuhur samar gabiz hortan), limosnatan joaten zaigu. Esan genizuen: leku jakin batzuetan ezik, ez da eskale askorik ikusten. Kontua da eskean ari direnetako asko seko hondatuta edo gaixo daudela nahiz eta badagoen baita beste eskale mota bat ere: kale gorrian gelditutako iparamerikar txuri eta gazteak. Limosna ematearen aldekoak gara gu biok. Bai han eta bai hemen. Badakigu ez duela deusik konpontzen, injustizia hauen erru eta erroa sisteman dagoela etabar etabar. Ados, baina hain da krudela behar duenari lau txanpon ez emotea... Arbitrarioa ere bai, injustua erabat. Nori eman? Nori ukatu? Mnn...


BOULDER
Zeru urdin, garden eta irribarretsu batek hartu gaitu DENVERREN. Busa hartu, eta nekeak neke, Boulderrera jo dugu zuzen (ordu erdi).




Rocky Mountains-en (ROKOSA MENDIKATEA) magalean dagoen hiri bukoliko erdi Hippy erdi Yuppi unibertsitarioa da Boulder. 1650 metrotara dago, parke naturalez inguratua. COLORADOKO unibertsitatea dago bertan (30.000 ikasle), beraz, imagina dezakezuen bezala, jende gaztez, taberna, jatetxe eta denda Coolez betea dago.









Kanpus erraldoiak, kontzertu ugari, happy hour-ak alde guztietan... hona etortzean betean asmatu dugunaren sentsazioa.







Tabernetan, por tzierto, 70.hamarkadako Rockanrolla uneoro. Yeag! Askok terraza daukate goiko partean.
Militarrak ere badaude. Antza, Rocky Mountains-en tripatan daude guk filmetan ikusten ditugun gotorleku sofistikatu horietako asko.


Sink-en afaldu dugu. Gida guztietan datorren leku kurioso bat da. Merezi du bertaratzeak.








HARRIGARRIZKO MIRARIE!


Gure motxilek gero eta gutxiago pisatzen dute, aizue! Honez gero nik galdu ditut faja bat, niki pare bat eta etxeko zapatillak. Jone Mirenek, berriz, jertse bat. Katxis!   


No hay comentarios:

Publicar un comentario